XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GERRAOSTEKO EUSKAL LIBURUGINTZA Hona gerraosteko euskal liburuen zerrenda.

Osoa izan nahi luke, bat edo beste gorabehera.

Osatzeko erabili ditudan bide eta erizpideez hitz erdi bat.

Eskuratu ahal izan ditudan katalogoen bidez egin nuen lehen urratsa, batikpat Manterolarena erabiliz hasteko, osoena berau bait da.

Gero, zenbait liburutegi ere aztertu dut datu bila, bereziki Lazkaoko beneditarrena.

Horrela inguratutakoa osoagotzeko asmoz, Joan San Martini, Piarres Lafitteri, Santi Onaindiari eta Nikolas Alzolari bidali nizkien zerrendak, osa zitzaten hain zuzen.

Hala ere, irakurleak ikus dezakeenez, datuak oro biltzerik ez dut izan.

Lehendabizikoz holako lan bati heltzearen arriskuak eta desabantailak dira hauk.

Baina akats eta guzti, gerraosteko liburuak oro sistematikoki bereizturik eta bildurik ematea, edozeini onuragarri izan dakiokeela sinesturik nago.

Zuzenki liburu ez denik ere bada hemen,50 orrialdetik beherakorik alegia.

Hau da, liburuxkak ere sartu ditut.

Ez denak, hala ere.

15 orrialdetik beherakorik ez dut kontutan hartu, eta orrialde-neurri minimo hori 25ekoa izan da ikastola liburutan, irudirekin apaindurik datozela gehienetan holakoak kontu eginik.

Erabaki hau dela eta, ipuin asko eta asko (bilduma osoak ere) kanpoan utzi ditut.

1960 inguruan Arantzazun itzulitako PPC liburuxka haik ere kanpo gelditu dira.

Berdin Iratzeder-en zenbait olerki.

Erizpide beraren izenean, bederatziurren ugari ere kanpo gelditzen da, batikpat 1958 inguruan atera zirenak.

Separatak ere ez ditut sartu, kasu berezi-berezi batzu salbu, nahiz eta 1950-1960 bitartean kultura idatzizko hutsune larri bat bete zutela aitortu.

Ikurren esanahiaz ere hitz erdi bat.

Izar batek (*) berrargitalpena edo berrinprimaketa adierazten du; bi izarrek (**), itzulpena; eta hiru izarrek (***) bi eleduna dela liburua esan nahi dute.

Bestalde, idazlearen izena parentesi artean ematen denean, egilea ez baino biltzaile edo moldatzaile dela halakoa esan nahi du.